XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BERTSOLARITZA

Sarrera

Bertsolaritza,ahozko estiloaren muga barruan berez bapatean eginiko poemagintza publikoa da, J.M. Lekuonaren hitzetan.

Definizio honek hiru alderdi oinarrizko aipatzen ditu: ahozkoa, bapatekoa, publikoa.

Ahozkoa esateak idatzizko literaturaren aurreko beste kultur zabalbide batera garamatza.

Poesia izanik ere, poema idatziak baino lehenagoko teknika eta moldeen arauera gauzatzen da.

Bapatekoa diogu, bada, bertsolariak kantatzen duen unean bertan, abestu ahala sortzen duelako bertsoa, aldez aurretiko prestakuntzarik gabe.

Hala ere, egun batetik bestera ez da sortzen, noski, bertsolaria.

Maila horretara iristeko beste bertsolariei entzun, beraiengandik ikasi, eta euren itzalpean apurka-apurka bapatekotasunaren iharduera eta teknika bereganatuko ditu.

Beraz, nolabaiteko ikaste prozesua izaten du bertsolariak, ariera zail horretarako teknika egokia ematen diona.

Jendaurrekoa, publikoa diogunean, berriz, entzulegoaren ezinbestekotasuna aipatzen da, bertsoak entzun, interpretatu, eta batzuetan epaitzeko.

Entzulego honek saioari behar duen giroa ematen dio bere txalo, algara edo txistuen bidez eta bertso bukaerak bertsolariarekin batera errepikatuz.

Entzulegoak neurtu eta erabakitzen du zeinzuk diren bertso bikainak, gogoangarrienak buruz ikasiz eta belaunaldiz belaunaldi irauneraziz.

Bertsolaritzaren bakantasuna ere aipatu izan da askotan.

Hau da, fenomenoaren urritasuna, orijinaltasuna.

Baina ez dugu ahaztu behar euskaldunok ez garela bertsolaritza bizi dugun Herri bakarra, geure inguruko nazioetan gutxi ezaguna bada ere.

Europan bertan, keltiar kulturako zenbait herrik (Gales, Bretainiak...), eta Mediterraneoko beste zenbaitek (Andaluzian eta Ibizan) praktikatzen dute bapateko bertsogintza oraindik ere.

Hala ere, herri hauen gaur eguneko bertsolaritza maila ez da Euskal Herrikoarena bezain garaia, eta esan dezakegu gaur egun, Europan, Euskal Herria dela bertsolaritza indar-indarrean eta bapatekotasun jatorraz gordetzen duen herri bakarra.

Gaur egun, bada, bertsolaritza munduan gauza bakana izan arren, lehen, literatura idatzirik ia ezagutzen ez zen garaietan, fenomeno oso zabaldua zen munduan, kultura zahar asko (grekoena, hebreoena...) bapateko bertsogintzaren jabe zirelarik.

Ahozko literaturaren esparruan kokatu behar dugun arren, kontutan hartzekoak ditugu bertsolaritzak literatura idatzian dituen islada eta eraginak.

Batetik, geroago ikusiko ditugun bertso jarrien bidez, idatziz ezaguterazi izan da hainbat bertsolari, erabili dituzten bertso moldeak eta tankera bapatekotasunezkoak bezalakoak izan arren.

Bestetik, goi mailako olerkigintzan, poeta askok (Orixek, Arestik......) bertsolarien ahapaldi mota berdinak erabili izan dituzte, forma landuagoz baina.

Era berean nabaritzen da eragina gaurko abeslari berriengan ere, bai neurri mailan, bai doinu mailan ere.

Bapatekotasunaren teknika

Bertsolariak, bertsoa kantatzera doan unean, nolabait momentuko prestakizun bat egiten duela esan daiteke, dena segundu batzuen mugan.